AMESGAITZAK

Hitzaurrea

Amesgaitzak ametsen bihurrikeria batzuk besterik ez dira. Ametsetan jartzen garenean hor sortzen zaizkigu, nondik ez dakigula, gure erro-usteletan daramazkigun hainbeste lore-gaizto. Gure ametsetan, seguru aski, gure beldurrak, gure sinesmenen zainak, gure ikarak eta kezkak... Agian, hurrengo goizean eguzki-argia sortzen denean dena garbi geratzen da berriz, eta arratseko lintzurak, goibelak eta kiratsak gorde egiten dira.
Hemen, liburuxka honetan agertzen diren ipuin horiek ere badute zerbait nonbaiteko amesgaitz kirats hori. Ez dira arratseko lo-mozorro zarpailetan gogoratu eta idatzitakoak, baina batzuetan idazten jartzea amesten jartzea izaten da, eta batzu-batzuk amets beltz hoietara iristen bagara eguzki-argi dirdiratsutik ere badakigu iristen, amesgaitzak behar bada ez baitaude ilunean eta arratsean eta kanpoan, baizik eta gure barren-barrenean eta horiek kanpora irtetzeko atea erekitzea nahikoa izaten baita.
Hona hemen ba hamazazpi ipuin «amesgaitz» beldurgarriaren itzalpean sortuak. Gehien-gehienean, horien bideak badakigu nora doazen: heriotzara, hor bukatzen baitira gure ameskeria txoro eta gure amesgaitz beldugarri guztiak. Bitarteko gure pasadizua kontatzera datoz. Honela, baten batek trenen baten barrenean amestutako pasadizua agertuko digu; beste batek, autopistan; beste hark, autopistan beste honek, zuloren batean bere burua ikustean; hango hark etxeen pixu zama haundia sumatu ondoren... Hau da, amesgaitzak, lehen esana utzi dugun bezela gure barren-barrenean sortzen zaizkigu baina beste aldetik.
Biziaren erro muinetik sortuak ba, hemen agertzen diren amesgaitz horiek. Behar bada ttikiak, doi-doian kontuan hartzeko modukoak, baina askotan horien itzala baino gehiago behar ote du gizonak ziplo erotuta bere buruari errematea emateko... ?
Nire aldetik berriz, esan beharra tokatzen zait, ez direla oraintxe-oraintxe idatzitakoak hemengo ipuin horiek. Hor dauzkat galduak, ez dakit nik neronek ere zenbat, hainbeste eta hainbeste idatz lan, argitaratuak batzuk izparringi eta aldizkarietan eta beste batzuk berriz sekulan argitaratu gabeak. Ni neronek sekulan horiei esku bat botzeko ardurarik hartu ez dudala izango da noski, edo eta izugarrizko interesik izan ez dudalako nire lan horiek inork irakur zitzan. Nola nire munduko pertsona interesgarri bakarra ni izan naizen, idaztearekin bakarrik betetzen nuen nire egitekoa eta asko-askotan idatzi gabe ere pentsatu eta nire buruan gai horiek manitu hutsarekin. Baina ez dezala esan inork berak eskatzen duen bidea uka diodala. Aukera sortzen denean prest aurkitzen nau nahi duen hark behar zaion bide hori eskaintzeko...



Hegohaize Gaua

«Klara, zuaza orai salako leihora,
iphar ala hegua denez jakitera:
ipharra balindaba goraintzi Salari,
ene khorpitzaren xerka fin dadila sarri»

Hegohaizea, hegohaize zabal hura ateratzen zenean, halako korapilo latz bat lotzen zitzaion buruan Ioni.
— Ba zetorrek berriz ere zarpail hori —esaten zuen marmarrean bere kolkorako... Hegohaizea, trunbuiluz-trunbuilu, han jeixten zen mendi-tontorretik behera zalaparta eta orrua zeramazkiela aurrean...
Hemen duk, hemen duk... —esaten zuen, eta han joaten zen bere burua bere esku zabalen artean estutuez bere gelara aberea bere ukuilura joaten den antzera eta atea itxi ordu ohean sartzen zen eta etzanda jarrita han gelditzen zen hegohaizearen zurrunbilo zarpail hari iges egin nahian.
Hala ere beti ez zuen egiten nahi zuen guztia. Baziren gau batzuk haizearen orruek eta marruek den-dena betetzen zuten halakoak eta leiho, ate, teilatu, osto, zuhaitz, adar, orbel, zakar, jira-biraka dantza eroan eramaten zituzten haietakoak... Baziren gau batzuk burua lehertu zorian jartzen zitzaionetakoak...
— Zer ote dut nik hemen nire barrenean, —galdetzen zion bere buruari eta hau esan hutsarekin, kozka eta kozka eta kozka mamu izugarri bat ari zitzaiola sumatzen zuen eta aho-sapai guzban gusto berexi bat...
— Baina zer gertatzen ote zait neri, baina zer...? Jende guztiak zekiena zen nola gau batzutan, ilargi osoa zeruan agertzen zenean, gizon batzuek abere bihurtzeko txanda izaten zutela otso-gizonen arteko ipuiek ziotenez... Gau argian, ilargiaren itzala eguzkiarena bezain nabarmen agertzen zenean, ez zen batere harritzekoa otso-aulia urruti batean entzutea, eta bestez beste etxetik kanpora ateratzea gogoratzen bazitzaion, han ikusten zituen saguxar hegalariak beren gomazko hegalekin, karraxi bizian, beren buru gainean bueltaka...
— Ez duk dena gezurra, ez... Gertatu daitezkeen gauzak agertzen dizkitek zinean ere... Burutazio hau ere hegohaizearen arnas bat besterik ez zen. Sekulan otso-gizonik ikusi gabeko umea zela aitortu behar... eta saguxarrak ere noiztik behin, udazkeneko ilunabarren batean balkoira patxarosu atera eta... baina, nundik honelako burutazioak, nundik...? Nundik beldur hau...? Nundik dal-dai hau...?
Eta kanpoan berriz, zarraka-marraka, istilu gorrian, han zebilen hegohaizea, guria, laztana, hari eta honi musoka, epela, beroa eta zakarra, traketsa, harroa, kale-garbitzaile eta kale-zikintzaile dena batean...
Egun batean hobeto esateko buru guztia triku haundi batek bertan kabia egin izan balitzaio bezela sumatu zuen. Edo zingurriz betea edukiko balu bezela... Nun ez zekielarik, txori kanta lainotsu bat entzuten zen inguruan. Hegohaizea jeitxi zen berriz ere eta zen urdinean ilargiaren kurpil gorria dizdiratsu eta azkar zihoan bere gabeko eginkizunetara...
Nonbait sumatu zuen deia Ionek. Bere anima arrastaka eramana izango balitz bezela, ahotik kanpora anima irten nahian eta bera bere animaren atzetik, etxean ezin itxoinik, nahi eta nahiezko ibili behar hartan, mingainetik amuak arraia tiratzen duen bezela tiraka...
Zapela kaskuan jarrita, soka sendo eta luze bat hartu zuen galtzarbean. Gero, mendi aldera jo zuen zuhaitz haundienaren bila...



Hiru Dorre Urrutian


Hainbeste ibilaldi egin eta gero... hainbeste kopeta-izerdi zirrioak ezin txukaturik. Hainbeste neke garamalarik bizkar hezurretan... iritsi ginen ba, azkeneko, hiru dorre luze haiek ikustera...
Hiru-hirurak, ttiki-ttikitandik hainbeste aldiz ametsetan ikusitakoak iruditu zitzaizkidan. Zuhaitz adardun batzuk ere ikusi zitezkeen haien aldamenean. Haiengana iritsi nahi izanda mendi aldapa zail bat igo beharra zegoen eta haiei begira geundela galdera mingots batek zulatzen zigun barrena: nork esan nolakoa izango ote zen berarengandik hiru dorre luze haiek sortzen ziren zeru sabel hura...? Bateonbatek esan zezakeen beltz-beltza zela... besteonbatek, ubel-ubela zela... eta nahiko zaila izango litzaioke edozeini egi-egitan zer iritzitan gelditu; alde batetik urdin-ilun aldera jotzen zuen eta baita beltzarengana ere, baina eguzki izpi legunak nola jotzen zion, modu hartan margotzen zen baita ere zeru sabel hura eta batzutan odolgorrizka zapladak agertzen zitzaizkiolarik beste batzutan berriz orlegi-itxaropen tankeraz bustia iruditzen zitzaigun...
Gu hirurak, Leontxo, Petxi eta ni, erdiko etxearen atarira aurreko estrata zaharretik iritsi ginen. Hiru dorre luze haietatik, zabal-zabalena, eskubi aldean ikusten zena zen, eta urruti-urrutitik begira gindoazela, ezker aldekoari neskatx hankamehe baten itxura hartzen genion: bere bi leihoak bi begi zorrotzen antzera goi-goian tenteka eta harro agertzen ziren, dorre-ezpata ile mototsa izango balitz bezela eta bere inguru guztian sumatzen zen halako zama amutu baten itzal beldurgarria edo...
— Begirakiok —esan zidan Petxik—. Maltzur horrek ostikoen bat botako ziguk...
— Zeinengatik esaten duk...
— Hor, hor, begirakiok horri...
Dorre doilor hari begiratuaz bakarrik ez zen zaila konturatzen nundik sortuko zen hurrengo erasoa... Gau-zulo beltz hartan ia eroritako ilunabar hartan, bere leihoetako bi begiek argi zipriztin zorrotzak igortzen zizkiguten... Leontxo, dardarizoak hartuta, hitz bat besteari ezin kendurik zebilen. Petxi berriz, minoriak jota egongo balitz bezela ikusten zen, izerdi hotzak pats-egina, —hara...!, hara...! hara...!— behatzarekin etxe haiek sinalatuaz deiadarka bizian eta dorre haiek mamu haundi batzuk izango balira bezela...
— Zer duk, motel...? Horrenbesteko beldurra ematen al ditek...?
Patxi, bere «hara...!, hara...!, hara...!» hura hortzetatik kendu ere gabe, jela-zipotz bezela bihurtua gelditu zen... Leontxo han zihoan, nora ez zekiela, lasterka harrigarrian, hanka bat baino bestea azkarrago, mendiak beren lekutik aldatu nahirik ibiliko balitz bezela eta ni... ni han gelditu nintzen nire betiko ametsari jarraituaz, bai bainekien argi zipriztin hark bazeukala niretzako esan nahi berexi bat, beti eta beti argi zipriztin haren bila ibili izan bainintzen eta nonbaitetik ikasia baineukan argi-zipriztin harekin bilatuko nuela nire nahi-betetze osoena...
Entzun ezin zitezkeen hanka-pauso batzuk entzun nituen. Ez zegoen buruari jira ematerik baina banekien zein zegoen nire atzean: etxedorre hark botatzen zuen zama itzal hura beti eta azkenean neskatx zimazo, lerden eta lepaluze bat bihurtzen zena... Eta banekien, bai orain zerua gorriz jantzita itsasoak odoldurik eta nire burua aidean sumatzeko zorian nengoela eta baita geroago ere itsaso zabal eta luze hartan urpetu baino lehen, neskatx zimazo hark, etxedorre doilor hark, zama-itzal ikaragarri hark nire atzetik sekulan aldendu gabe jarraituko zuela...


Eserleku eta Mattin


Eserlekuari dagokiona izango da, noski, bere gainean esertzea, baina ez zeukan hortarako hainbeste kostatako alki hura Mattinek.
Nundik sutu zitzaion maite-min hura? Ez zekien hura ere. Baina barren-barrenean korapildua zeukan denda hartako agertokian ikusi zuenetik eta inolaz ere ezin zuen kendu burutik. «Uraxe bai polita inun politik bazen» gogoratzen zitzaion bertso zahar baten arrimuan.
Hasterako, lehendabiziko gertatzen zitzaiona hauxe zen: ez zela ausartzen zenbat balio zuen galdetzera. Beste gauza: nolatan erosi diruarekin amodiozko pitxia...? Nolatan sartu diru zakarraren hautsa gure kuttun-kuttunaren inguruan...? Nolatan erosi, gozo-gozo eta legun-legun batzuk besteei bihotz zabalik emateko ohitura ditugun tresnak... Nolatan saldu bihotza, nolatan amodioa...? Ez horixe, ez zen hura Mattinen ustea. Ez zion alaitasun izugarririk ematen sal-erosketako tratu zikinean sartu beharrak hain maitemaitagarria zitzaion tresna hura. Baina bizimoduaren kontuak horrelako moduan ipiniak zeudenez ez zitzaion bide askorik gelditzen tresna hura bereganatzeko... Erosi edo... lapurtu. Bai, bide hau ere gelditzen zitzaion oraindik. Alde batetik lapurtzea hobeagoa iruditzen zitzaion erostea baino. Hainbeste maite ditugun gauza horiek askotan erostea pekatu dela iruditzen zaigu eta ez hainbeste lapurtzea. Guk beroberoan maite ditugun gauzak modu gogorrenean lapurtzera saiatzen gara ez baitira horiek salerosketara bidaltzeko moduko pitxiak... Hontaz, lapurtu, eta modu horretaz, bereganatu... Eta lapurkeriaren bitartez, ixil-kontu baten bitartez, gehiago eta gehiago lotuak, gehiago eta gehiago uztartuak gelditu. Ezin zitekeela hau ere...? Nolatan ez...? Lapurketan, bihurkerian, gogorkerian dena ahal izaten da eta baita hau ere...
Hortarako, lehendabizi egin zuen gauza zelatan gelditzea izan zen ea lapurkerirako zer ordu izango ote zen onena jakin nahian... Gertatu zitzaiona nahiko aldrebesa iruditu zitzaion: gau guztian zelatan egon ondoren ez zuen ordu bat onik aurkitu. Eta konturatu zen baita ere nola arratseko ordu luze haietan ere eserleku hura zegoen agertokiaren aurrean ez zela palta inoiz ere jenderik: nor edo nor ikusten baitzen ordu guztietan kale hartan... Ordu zailak benetan han pasa zituenak, baina hala ere goizalde inguruan ixiltasun berexi bat jabetu zen kale hartaz: ixildu ziren, badira zakur zaunkalariak, badira kotxe motorren dardarrak, badira jendeen berriketak eta mirari bat agertu izan balitz bezela, kale hura ikuspegi berri baten azpian agertu zen: han goitik heldu zen haize xamur batek seaskatzen zuen zintzilik zegoen argi hori bat, soinu paketsu baten antzera iristen zitzaion gau-errotaren urrun hotsa eta han zegoen zuri-zuria, ederra, liraina, zorionez eta zorigaiztoz bere bihotza su bizian pixten zion eserleku hura...
Hainbeste denboraren buruan aurkitu zuen giro egoki bat, eta hau aukeratu ondoren ez zitzaion iduritu zaila zela lapurketa hura egitea... Leiarrezko agertokiari zimiko gordin bat egin ondoren, kaxka, kaxka mailu ttiki batekin jo zuen ta banbaaa! hantxe erori zitzaion dena... Baina nahiz eta hots ikaragarri hark gorraldi antzean utzi ez zen aldendu hala ere bere lanetik. Ez horixe...! Erbinude antzera bi begiak bazter guztietara erne zeuzkalarik, buru-beso-hanka borobilduaz barrenera sartu zen eta han eman zion lehendabiziko besarkada beroa bere eserleku maite hari, eta geroago besoetan harturik, bihotza lehertu zorian, arnas kolpeak ezin gorderik bular barrenean irten zen kanpora...
Handik aurrera ez zen gertatzen zitzaizkion gauzetaz mintzatzeko jabe. Bere barrenean alaitasunak halako ugarte zoriontsuak erekitzen zizkion eta bere eserleku guztiz kuttuna zeraman bitartean lehengo egarri ezin ase haiek urrundu zitzaizkiola sumatzen zuen eta arin eta hegalari antzera, udazkenean urre koloreko orbelak jiraka eta biraka ibiltzen diren antzera zihoan bera ere eserleku dotore, eserleku maitagarri hura besoetan zeukalarik, jiraka ta biraka bera ere, alai, eztitsu...
Etxera iritsi eta ez zuen amen bat ere itxoin. Berehalaxe han joan zen gelara, ohe zuriaren gainetik astindu zituen tapaki eta maindire eta bere eserleku hari eman zizkion gonak eta soinak bera eserita jarri baino lehen, gogoz lerdendua, bere baitan hizketan, eserlekuari.
Goizearekin bat, eguzkia leihorantz bere bila joan zitzaionean, han aurkitu zuen lau egina, bere eserlekuan gerto eseria, heriotzak bereganatu eta gogortua...


Idazleak


— Zer idatzi ez dakidanean, zer egin nezake, maisu... ?
— Geldi-geldirik egon. Hori izango zenuke onena... —erantzun zion maisuak.
— Baina ezin baninteke egon...?
— Ez zenuke egon behar inoiz ere arrisku horretan.. .
— Baina hala egoten banaiz...?
Maisuak erantzun zakar bat bota zion. Lehendabiziko esan ziona izan zen ergelkeri bat besterik ez zela beregana joatea, eta hala berean idazlanez hitz egitea eta ergelkeri hutsak, hainbestean, galdera haiek denak...
Beste aldetik, irakasleari beste gauza batzuk bururatzen zitzaizkion. Ogiarena, lehendabizi. Gari soro zabalak haize beroak astintzen zituenak... Txorien txirrinua aidean, hega-jostaketan... Eguzkiaren bero indartsua, belarrak ximelduaz... Baina bere ogia ez zegoen zelai zabal hartan... Txorietaz oroitu hutsarekin iluntasun beltz batek atrapatzen zuen... Kaiolak, txolarteak, abailak, ume-giroko hainbeste tresna-jostailu eta oroimen... Betirako joandako aro-gozo eta kutun hura... Halako dardar antzeko zerbait igotzen zitzaion bere behatzen gora... Ogia gogoratu eta behatzetan dardar hura sumatzea dena bat izaten zen... Eta urruti batean, amesgaitz eremuetan seguru aski, han azaltzen zitzaizkion idazgailu izugarri pilak... Idazgailu haien gainetik ibili beharra zeukaten bere behatz dantzariek...
— Maisu... —deiadar egin zion berriz ere—, erantzun zaidazu. Baina arrisku horretan egon beharra baneuka...?
— Ume petrala...! Zertarako idatzi ezer ez esateko...?
Goiz-goizean, okindegitik ogia hartzen zuenean, atsegina zitzaion, kurruxk-kurruxk, bere hots xamur eta beroa... Halako segurantzi berexi bat ematen zion ahoan, ogi guri hark: «Jan ezazue: hau da nire gorputza...». Kafesne zopak hartuta hor zihoan, bapo mutila, eskuak patrikan sartuta... Maisuak: bi ta bi, lau; a, e, i, o, u, nor da Jaungoikoa...?; eta mutilak gaxtakeri bizian, elbiak paper zintziloa ipurditik, zimikoak, parrak eta jolasak...
— Okindegitan ez duk gehiago ogirik egingo... —pentsatu zuen. Etzik esan ba, ergela...? —aiztoa biluztuta iztapean zisti-zasta, ero-bolarak jota bezela laster amildu zuen maisua...
— Bihar behintzat izango diat zer idatzi —esan zuen bere kolkorako maisuaren azkeneko arnasarekin batera...


Etxeak, balkoiak, teilatuak...


Etxeak, balkoiak, teilatuak... Eta berriz ere, etxeak, balkoiak, teilatuak... Eta berriz ere, eta berriz ere, eta berriz ere, etxeak, balkoiak, teilatuak.. .
Besterik ikusi gabeko umea zen jaiotzetik oraindaino... Lehenagoko zelai zabalak, belar-zelai haiek, haizeak harro-harro utzi eta geroago berak orrazten zituenak, ez zituen inoiz ikusi izan... Zaharren esaera bat izango zen nonbait eta haien irudimen batzuk besterik ez zirela izango antzematen zion berak inoiz ikusi gabekoak baitzituen ibai garbi kantulariak, ezkailuen hara-honakoak eta jostaerak, ur-geldi eguzki-irriparrez betetakoetako amorraien patxarak...
Esaten zutenez, noizbait izan omen ziren lurraren gainean gauza horiek denak, baina hainbeste gezur esanda joan ziren zaharrak...
Orain behintzat, besterik ez zegoen inun: etxeak, balkoiak, teilatuak besterik... Beste ezeren arrastorik ez... Gauzak gero eta geroago nekosoagoak agertu nahi eta ez da jenderik ere kaleetan... Bakar-bakarrik, etxeak, balkoiak, teilatuak zilipurdika antzera kaleetara eta nahiz eta etxe-zama haundi hori modu horretan agertu, basamortu luze bat ziruditen kaleek hiri zabalean.. .
Modu hontako munduan hazia izanik inoiz ere ikusi gabekoa beste ezer etxeak, balkoiak, teilatuak, besterik eta ez zuen ezer jakin nahi horiekin. Beste aldetik, hango eta hemengo etxegileek, hargin, igeltsero, harotzek eta abar lana izan zezaten, munduko ume zorigaiztoek beren kaiola ertsitua izan zezaten, hainbeste eta hainbeste mendi zuhaitz lerden eta tente lurrera bota zituzten eta orain esan zezakeen ez zegoela ez mendirik eta ez zuhaitzik, ez zegoela ezer ere zutik, bakar-bakarrik aidean, etxe, balkoi, teilatu horiek... bakar-bakarrik etxe-modu horiek sortzen zuten basamortua, eta hau ikusirik, aixa antzean tankeratzen zion dena berdindua geldituko tela bere bistaren aurrean, noizbait lurrikararen bat sortuko zela, eta hori pentsatzen zuenean, halako odol-irakitasun bat bezelakoa sumatzen zuen bere buruan eta bi ukabilak gora altxa eta hor botatzen zuen bere madarikazioa: —«Noizbait etorriko naiz eta jota botako zaituztet... Noizbait etxe guztiak hondoratuko ditut... Bai, jota ziplo hor joango dira...!».
Honela pentsatzen zuen aldetik, bere aurrean zuen basamortu hartan ez zuen etxe arrastorik sekulan altxa nahi izan: goian zerua, bere urdintze nabarmenarekin noiz edo noiz txuri antzera mugatuez eta lurrean, hondar orraztua urrutiraino. . .
Eta han bizi izan zen urteak joan eta urteak etorri, egunak etorri eta egunak joan. Baina alperrik izan zuen bere iges egite hau ere, alperrik bere basamortura bihurtzea han ikusten baitzituen urrutira nola gizon jendeak bere aldamenera heldu ziren, nola pausoka-pausoka bere ingurura hurbiltzen hasiak ziren... Urrutiko teilatu haien gorritasunetik atera zuen beretzako hain mezu garratza zenaren karraxia, urrutiko eguzki printzek jotako teilatu gorri haietatik: «Hor heldu zaizkizu jendeak, hor gizon mordoskak...». Eta hori bere baitan entzunez, oraindik basamortuan barrenago joateko asmoak ezik barrenago joateko pausoak ematen zituen...
Baina nahiz eta bera barrenago joan, hor heldu zitzaizkion orpoz-orpo, gizon jendeak... Bere madarikazioak urtuta bezela gelditu zitzaizkion... Etxeak, balkoiak, teilatuak ziren bere atzetik heldu zirenak, ez gizonak... Gauzak modu hortara ikusten hasi zen: etxeak ziren abere antzeko pausoekin bere atzetik heldu zirenak eta dudarik gabe ez zegoen urruti egun hura bere ortzetan dena hauts eginzo zena... Heriotzarik gogorrena asmatzen hasita, hauxe gogoratzen zitzaion gogorrena: etxeen sabeletara zurrupatua izatea...
— Ez, ez, ez... —egin zuen karraxi, deiadarka, bi besoak altxaturik, ukabil gogorrekin joaz orain bere masaila, bere burua geroago...
— Ez, ez, ez... —berriz eta berriz oihu eginez, baina alperrik, han heldu baitziren, pausoz pauso, poliki-poliki, itxuraz baina egitaz, lasterka, etxe-abereak, hor, bera zurrupatu nahian, eta azkenez, bere bi beso sendo zeruetara jasoak zituelarik hor erori zitzaizkion denbora batean Moises zaharrari erortzen hasi zitzaizkion moduan... Bi besoak gora jasota zeuden bitartean, hainbestean, baina bi besoak eroritzen hasten zirenean ez zeukan dudarik bere nortasunaren zurrupa egingo ziotela beherantz heldu ziren etxe haiek, eta bere bakardadea, hain kuttuna zuen bakardade hura, zatitua geldituko zitzaiola, hautsia, puskatua...
— Ez, ez, ez... —esan zuen berriz ere bere batean—. Ez niotek harrapatuko, ez...
Eta hau esanik, lasterka abiatu zen eta pasa zituen bixi-bixi, mendiak, aldapak, hondarrak, baina hala ere beti orpoz-orpo sumatzen zituen etxeak, balkoiak, teilatuak, berriz ere gizon-jende mordoxka haien zintziluak inola ere atzean utzi ezinik sumatzen zituen...
Poliki-poliki, pausoka-pausoka, nekatua, itsaso bazterrera hurbiltzea gogoratu zitzaion... «Hemen gutxienez, arraien zurrupada bustia sumatuko diat. Hemen Jonas zaharraren ibilaldi bustiak berrituko dizkiat... », eta honela pentsatzen zuen bitartean, uraren hotz-bustia sumatuez aztalaz gora, han joan zen ur barrenetara gizonjende mordoskarendik iges...


Hil-zorian, hatsanka


Mendi saskarrean barrena zihoala aldapa gora, igerri zion nola zori-zori eginik adarrak zeramazkien bere buruan...
— Hamabi bat urte izango dituk oraintsu etxetik atera ez dela... Arranopola, ba dituk zerbait hamabi urte kale lurra oinazpean zanpatu gabe egoteko...! baina, hala ere berdin zidak... berdin-berdin... Berriz ere abestuko dik maiatz prankotan kukuak hori atetik honantz irten baino lehen... Baina ni ez nauk harrapatuko, alperrik ari duk... Nik jakingo diat zer egin...
Bururapen pranko zebilzkiela ezin ukatu, baina hala ere bazekien, bai jakin, ez zela horiengatik bere adarren zoritze hura. Nola ba ote...?
— Asko gaituk —geuk uste baino gehiago espetxetarako jaioak. Hor egona duk, hamabi urte luzeetan etxe zomorru... Horrengatik edukiko dizkik, noski, kopet-masailak modo horretan margolduak... Zutik ibiltzeko ere ia ahaztutzeko zorian zegok baina berdin duk... Sekula etziok gogoratuko atea ireki eta kaleko jendeen saltsan nahastea... Ez, ez horixe... Hor arkitu nian, lehengo batean, leiho zulotik zelatan... Eta, sinist zaidak zomorro bat iruditu zitzaidala... ! Eta zomoro itsusia gainera...! Letainak sorgin itxuran sudurra zulatu nahian; ahoa gorri-gorritua pattar edale garbia dela agertuz; ezpainak zimurtuak eta beltzangorriak eta apar zuri legorra bi aho saihetsetan... Etzakit nori begira egongo zen baina ni ikusi ninduenean usu-laster joan huan izkutura...
Oraindik urruti zegoen mendi tontorra baina ez zeukan galdurreraino joan beharrik egin behar zuena egiteko nahikoa baitzuen zeraman bidean zuhaitz sendo egoki bat arkitzea... Bere burukoak antzera, zuhaitz adarrak ere zoritu antzean ikusten zituen... Dudarik gabe, maiatzandereñoa ere hor zebilen arin eta lirain haizearekin batera, eta nahiz makurtua ibili, nahizta kakotua sumatu bere gorputza, nahiz eta marraka-hots antzeko zerbait entzun zurrunbiloan bere belarrietan, hala ere haize-hegal alaitsu hura sumatzen zuenez bere bekokian pailaka atseginean, ziur zegoen ibilera atsegina zela...
Eraman zituen eskuak burura berriz ere eta han harrapatu zizkien adarrei bere ziztak. Zanpatu nahi izan zituen zizta horiek behatzarekin zeldorren batzuk lerdekatu nahian bezela baina oinaze pixarren bat hasi zitzaion zanpatze honekin batera eta etsi egin zuen. Bere marmarrari ekin zion berriz ere aldapa gora zihoan bitartean:
— Ai, Gergori, Gergori...! —mintzatu zen.
Eta izen hau esan ordu, beste gogorakizun bat etorri zitzaion urruti-urrutitik, Kafka gizarajoaren magaletik sortua izango balitz bezela...
Samsa zomorroa eta Gergori zomorroa... Samsatar Gergorio eta Gergoritar Samsa... Izena eta abizena uztarrituak... Samsa zomorroa eta bere emazte zomorroa bi-biak uztarrituak... Nundik heldu ote zait neri nahigabe hau, nundik...? Zomorroen garaiean ote gaude ba...? Denok zomorro bihurtuko ote gara ba? Sastakada biziak ematen zizkioten galderek bere buru muinean... Lehertu zorian sumatzen zuen bere bekoki zabala... Eta orain, haizea ere epelegia iruditzen zitzaion, papar-auspoa estutua, zalapartatsua, estua irakindua... Hegaka joan nahi balu bezela, besoak astintzen hasi zen... Kopeteko oinaze hark dardarian utzi zion gorputza... Han zeukan mina, handik sortzen zitzaion oinazea, han zeuzkan adarrak...
«Egunen batean, zezen itsu baten antzera, bizia adarkatzera behartuko haute...»
Aitonaren esku-makila... aitonaren hitz sendo, patxarosuak... aitonaren zapel haundia... aitonaren esku zarpailak, dardartiak... Noiz zoritzen ote gara... Besteei ikusitako bideak gure hankapean sumatzen ditugunean bai behintzat... hemen ikusten zituen bai esku-makila, bai aitonaren ezintasun hura, baita haren eskuetako dardario hura... Eta nun dituk orain aitonaren hitz zabal atsegin haiek...
Hats egin nahi izanda ere ez zegoen denborarik... Mendi bidea, urka bidea bihurtu zitzaion... Aldaparen lepora iritsi zenean soka luzeluzea askatu zuen eta zuhaitz adar batetik zintzilik utzi zuen... Lepoa, korapilopean sartu baino lehenago bere adarrak pailakatzea gogoratu zitzaion... eta, gero, han gelditu zen, zintzilik, txori-izugarri bihurtua...



Zuloan


Haize goxo eta patxarotsu bat zebilen enparantza zabalean. Baina goxotasun eta patxara gutxiko egin-behar batek eramana zen Pello toki hartara...
Zurubi-behera hasi zenerako igerri zion gauza onik ezin zuela espero handik lehendik egundaino holakorik gertatu gabea baitzen eta ikusten ari zenak kezka bizian jartzen baitzuen. Lehendik zekienez, eskail-buru bat edo beste jetxi ordu, argi-zuri eder batek agertzen zituen ispilu haundi haiek, pixa-tokiak, bi edo hiru gela labur eta estu, denak garbi-garbiak... Baina oraingo gertakizunetik kontua atera beharrean bazegoen, ez zen txantxetako lana, arrarotan, pixa-egiteko gogoa sumatzea... Baina, nola hasierak bukaera eskatzen duen, han joan zen behera eta behera zurubi haren azken eskailmailaren bila...
— Ikusiko diagu ba zertan jokatzen duen gaurko honek ere...
Lehendabizikoz behintzat begien bistakoa zegoen: iluna, kezka, bildur pittin bat... Noizbait irakurri izandako lerro batzuen itzal-beltza sumatzen zuen inguruan... Gogoratu zuen nola bere liburu batean, hainbeste mamu ikaragarriren berria emandako Lovecraftek idazle harrigarriak, idazten zituen, baita ere, gizaki extraino baten gorabeherak. Hura ere lurpe-kontuko ipui beldurgarri bat zenez, Lovecraftek ikusi eta idatzitakoak, kea eta beroa lagun zituelarik, behera eta behera jarraituaz ikusiak zituen, eta han aurkitu zituen gizaki haren jendeak, gurutzeantza zutenak ziren... Ez begi, ez beso, ez hanka... nahiz eta hain beldur gutxi eman zezaketenak iruditu, bazuten hala ere nonbaiteko zerbait gaiztoaren arrasto edo traza... Honela, hemen ere, Pellorekin...
Usai lodi bat edo zer ote zen itotze antzeko larritasun hura...? Hemen ez zegoen ez ke eta ez surik... baina inpernua ere beti-beti ke eta suez egina izaten ote da ba...?. Ez horixe... Sartreren iritziz, inpernuak beste eremu beldurgarri batzuk zituen; «inpernua, besteak dituk», esan zion bere buruari Sartreren iritzi beltz hartaz gogoraturik...
— Zein beste...?
— Besteak, beti besteak...
Orduan, inpernu batetik bestera ote zihoan ba...? Besteen inpernu estu hura ondo ezagutua zeukan: hango izerdi..., hango oihu..., hango karraxi..., hango deiadar..., hango gizon..., hango emakume..., hango hainbeste ume-gorri pixauntzi eta marruti... Inpernu modu hartatik iges egitea ez zen txantxetakoa... Baina, nora ote zihoan...? Galdera ederra erantzun gabeko gizonari...
Behera eta behera joanean, Pello ere azkeneko halako tarte baten aurrean gelditu zen. Eta han zegoelarik, zulo batetik begiraka jarrita, argi-izpi batzuk ikustera iritsi zen...
— Noizbait ba, motel... —esan zuen bere kolkorako. Ea bere hanka luzeak pasa arren, han jetxi zen zer ikusi... Lagun batzuk besterik ez zituen aurkitu haraino iritsi zenean...
— Zer ari zarete hemen, mutilak...?
— Berriketak utzi eta eutsi lanari... —agindu zioten.
— Zer lan...?
— Ez al duk ikusten edo zer...?
Egia esan, ez zuen inungo lanik ikusten, baina bai beste haiek han zebiltzela jo ta jo, gelditu ere gabe... Beren pikotx-motz haiekin gogor jotzen zuten horma beltz eta bustitsu bat... Han zegoen argia ez zen izugarria: bonbil kakazu batek bazterrean zabaltzen zuena. Baina, hala ere, ondo ikus zezakeen zer zegoen: erdipurdiko gela bat, hankazpian marruskatutako buztin-zola. Eta han lanean ari zirenak, bere lagun batzuk: Pelix, Ander, Kepa...
— Begira egoteko ez diagu inor behar hemen...
— Eutsi, eutsi...
— Jo, motel, jo...
— Ez zegoen ba lanari eutsi besterik. Galderaka jarraituez ez zuen lagunak haserrerazi besterik egiten. Baina hala ere, bere barrenean, har kozkalari bat izango balitz bezela, kezka txar baten arrastoa sumatzen zuen...
— Zer toki duk hau, motel...?
— Hara bestea... hitz gutxi eta lanari ekin... —mintza zitzaion Kepa...
— Galderak egiten besterik el al dakik, edo zer... —Anderrek.
— Lana egin behar dik hemen, lana... —Pelixek.
Hau ikusirik, pikotx-motz haietako bat harto lanean hasi besterik ez zitzaion gelditzen. Hartu zuen ba, eta jo ta jo, han hasi zen bera ere horma hura bota nahian... Noiz arte ibili behar ote zuen lan hartan...? Ez zuen, seguru, gehiago sekulan jakingo...
Hori bai urteen buruan, gauza bat ikastera iritsiko zen... Noizik behinka lurra zulatzen zela nahiz goi aldetik edo eta nahiz beheko aldetik... Eta hori goi-aldetik gertatzen zenean, panpa!, beste lagun bat erortzen zela zulora eta behe aldea zulatzen zanean berriz, panpa!, berarekin zegoen lagun haietako bat oraindik ere beherago erortzen zela...
Eta hau besterik jakin gabe han jarraitu zuen, pikotx-motza eskuetan hartuta, horma beltz eta bustitsuari jo ta jo...


Pipi gose baten antzera


— Hauxe duk —esan zuen bere baitan... Hantxe zeukan gizona bere aurrean... Bai, huraxe ber-bera zen, hainbeste aldiz bere atzetik ibili izandako gizon hura... eta orain, han ikusten zuen patxara ederrean exerita: gorputz egokia, hanka eta beso luzeak, begi haundiak, bekoki zabala, buruko ileak zuri antzean... hain zuzen, ile zuri haien galdurrean ikusten zion halako ezagubide berezi hura... hau zen gizona okerrik gabe eta bere kutxa eserleku bezela hartuaz han hasi zitzaion oinetakoak garbitzen...
Ez da egoera egokiena bere arpegiko dir-dira bereziak eta bere ile galdurreko argilainua aztarnatzeko inoren oin-aurrean makurtuta egotea, leku hortatik ikusten diren eremu-alderdiek ez baitute bizkortasun izugarririk ematen... Zer ikusi ote lezake nanoak erraldoiaren aurrean...? Zer, bidezigorrak, mendi haundi harantz begira...? Badakigu, bai, poliki-poliki, bidexigorra mendi erpinera igoko zaigula; badakigu, bai jakin baita ere, azkenean Guliver ttikia, beldur eta nazkaz beterik, Erraldoiaren arpegi aurrera iritsiko dela; badakigu, era berean, David ttikiaren abail-harriak Goliathen kopeta-hezurra krakatuko duela... baina hala ere, inoren oin aldetik ikusten diren eremu-bazterrak ez dira oso gogoberogarriak izaten...
Horiek horrela direla, egin zuena egin zezakeen onena zela iruditu zitzaion, hau da, lehendabizi, tresnak atera kutxatik, hau da, oinetakoak busti eta igortzitzeko zira, oihal-zapi beltz leguna, igurtzikaia eta bonbiltxo ttiki bat, eta hau egin ondoren, kutxaren gainean eserita, esku batetik bestera igurtzikaia astinduez, plisti-plasta, oinetakoak garbi-garbi uzten saiatu... Egun bat bakarrik ez zen pasatzen inork galdetu gabe zer zeraman bonbiltxo haren barrenean, baina ez zion inori erantzunik ematen hori ixilpeko gauza zela iruditzen baitzitzaion... Neska koxkor guztien gogoa izaten da beren kopina edo muinekaren tripak kanpora ateratzea baina bere baitan esaten zuena zen ez zela bera neskakoxkor bat eta ezta ere kopina bonbiltxo ttiki hura eta ez zitzaiola egokia iruditzen ixilpeko kontuak inori esaten ibiltzea... Bera zen bezelako gizon apal eta behartsu batek erne eta sotil ibili beharrean arkitzen zen eta bere gauza ttiki horiekin bete zuen bere mundu modua, hau da, altxor ttikia, ixil-gauza ttikia, bonbiltxo ttikia, hitz batean esateko dena ttikia, berak bere burua hala zela uste zuen bezalaxe...
Gizon haren aurrean oinpetua —belaunikatuen antzera— lanari ekin zion. Hainbeste denboratan zaindutako gizon haren oinetan gelditu zen orain ere zai, jakinik aurretik zer galdera egingo zion:
— Nola egiten duzu, gizon, botiltxo hortako urbeltz hori...?
— Ah, hori... parramurriz begiratu zion.
— Harrigarria nola uzten dituen oinetakoak... Dir-diraz beteak, txarolduak direla ematen dute. . .
— Ah, bai, baina ezta ixil-gauza hemen daramadana. Anilin pixka bat, beharren-beharrenekoa nahasketa hori nola egin jakitea da... Eta hori, arian-arian ikasten da...
Erantzun bera ematen zien denei nahiz eta jakin ez ziotela sinisten. Han bere aurrean eserita zeuden haiek ez zutela sinisten berak esaten zuena: «Ixilpea, ixilpea duk, eta ez nauk noski joango ni lana nola egiten dudan esatera denei...»
Oinetako bat garbitu zuenean ikusi zuen zulo hura. Oinetakoak zapata beltzak ziren, okertuak, txalupa antzekoak... nahi eta nahiez zapata haiek oineratzen zituen pertsonak hankak arrastaka ibiltzen zituen haietako bat izan behar zuen. Oinak arrastaka edo oinetakoak arrastaka berdin zitzaion...
Zulo hura ikusi zuenetik zurbildu egin zitzaion arpegia han baitzeukan bidea bere aurrean zeukan pertsona haren izamenera sartzeko. Ez zekien, ez jakin, Satanas, Belcebú, Belial edo horrelako moduko etsai ikaragarri haiek zar moduko bideak erabiltzen zituzten gizonaren barren-izate muina lapurtzeko, baina hemen zeukan hark bere zuloa, hemen zegoen gizon haren Akilesen orpo zaurigarria eta deabru ttiki bat balitz bezela zulo ttiki hartatik gora joatea gogoratu zitzaion. Ez ote zuen ba aski bera bezelako gizon ttiki batek, bera bezelako deabru ttiki batek, oinetako beltz baten zuloa gizon paren barrenara igotzeko...?
Hau gogoratu ordu, hona nun hasi zen igotzen zulo hartatik gora. «Zu begiraka egon zinen eskuz botagabeko harri amildu hark irudiari bere burnizko eta lokatzezko oinak txikiturik zaurituak utzi zizkion arte». Han zegoen, hitzez-hitz, Nabukodonosor zaharraren ametsa... (—Ni ere hor igoko naiz zegen gose baten antzera, par baten antzera por igoko naiz zulo beltz hortatik gora gizon honi muin-muineko bere gizontasuna lapurtzera... Hor joango naiz, bai, pipi gose baten antzera...)
Eta hau gogoratzearekin batera, poliki-poliki, por hasi zen bere behatzarekin zuloa haunditzen.. .


Igelak


Gau guztian aritu ziren igelak, gelditu ere gabe, kro-kro, kro-ko, kro-kro...
Barasi antzeko lokatz haundi bat zegoen aspalditik ibaitxo haren inguruan. Alde guztietan lintzurak, urgeldiak, apaburuak... Haize pixkaren bat mugitzen bazen, seskadiko hots legunaren susmurra entzun zitekeen urrutixeagotik... Ibai inguruan bertan altxatzen zen etxea tantai lerden baten antzera urek bere hormak xurgatzen zituztelarik...
Ibaiko uraren abesti xamurra eta ontzen baten urubi zatarra besterik ez zen entzuten gau beltzetan, baina ilargi beteak bere argi horia ixuritzen zuenean han hasten ziren igelak beren errosarioarekin... Hori entzunez, noizbaiteko Oñatiko gertakizuna gogoratzen zitzaion. Beroak arratsaldeari bere azpijana egiten zionean, gustokoa izaten omen zuen konde jaunak bazkalondoko kuluxka. Baina lo-morroan sartu ordu, igelen kro-kroak ez omen zion pakean uzten... Berdin-berdin gertatzen zen hemen ere. Arratsarekin batean, igelen abestaldia hasten zen etxeko nagusia oheratu ordu. Saltoka eta oihuka, hura poza igelak... Eta haren tripajateak etxekonagusiak... !
Gau hartan, haserrez beteta, ukuilura joan zen. Han zeukan bere igitaia habean sartua. Hotzikara berexi bat eman zion haren mutur zorrotzak, haren okertasun beldurgarriak... Igitai hark lehengo pasadizu zeken bat gogorazitzen ziolako ikarabide berri bat sortu zitzaion, baina hala ere eskuetara hartu zuenetik beste segurantzi baten jabe egin zen. Igitai hau, muntu bazterretako belar kaxkar, sasi-belar, osin eta abar mozteko zeukan baina baita beste lan batzuk egiteko ere: haren moko zorrotz harekin bilatzen zituen han eta hemen, estrata eta larre, baratz eta zelai, hainbat eta hainbat pizti, bada luartzak, satorrak, sugeak, apuak, eta abar eta zaztakada zorrotz batez igitaiaren puntan josten zituen. Gogoratzekoa zen egun batean gertatutako hura: suge-gorri mingain luze mixtua dir-dir, dir-dir tximista bezain bizia botatzen zuena inguratu zitzaion bere oinen aldamenera eta ikusi zueneko han gelditu zen, geldi-geldirik, inkik ere egin gabe eta hotz berexi bat sumatzen zuelarik bere barrenean odolik gabe gelditu izan balitz bezelaxe... Baina bazeukan bai, odola, nahiz eta ez hala iruditu, eta zastada bat emateko egoki gelditzen zitzaiola iruditu zitzaionean, zasta-zasta, azkar bezain trebe han jo zion kaskezurrean igitaiaren mutur zorrotzarekin eta han gelditu behar izan sugeak korapilo bizi bat egina...
Ohiturak berak ematen duen trebetasunarekin igitaiaren mutur gosea bere eskua bera zela iruditzen zitzaion, hain esku luzea, hain esku zorrotza... Ilunabar bustitsu batzuetan barakuilu edo karakolen bila ateratzen zenean han eramaten zuen bere igitaia eta bare zuri mukitsuak ikusten zituenean, zasta-zasta, han uzten zituen tripajario... Era berean, baita ere, noizka arratoi zaharren bat ere pareta-tarte estuen batean arkitzen bazuen...
Etxera itzuli zenean, bere arrebari eskeini zizkion barasi inguruan harrapatutako igelak...
— Hartzin, neska... —esan zion.
— Zer dituk hor...
— Igelak.. .
— Eta zertarako dizkit nik igelak...?
— Biharko bazkal aurreko. Badakin jatetxe onenetan estimatuak izaten direla... —erantzun zion, parramurriz.
Han zegoen igel sorta hanka-zintzilik, berdeberdeak, mingain arros-kolorea aho zulotik irtenka... Dozena-erdiren bat izango zuen igitaiahoan zirituak...
— Zer egin dukela uste duk... —galdera, arrebak.
— Lo pixka bat egiteko hainbeste paketasun lortu badugu behintzta...
Hau esan ordu entzun zen, berriz ere, sekulabaino gehiagoko kro-kroa... Barasi guztia otoitzean hasi balitz bezela ematen zuen... Kro-kro leguna, xamurra, eztitsua... Bachen adagioren bat ote zen edo ere esan zitekeen... Nahiz eta hain leguan izan, nahiz eta hain xamurra, orduan bai odola urtua sumatu zutela beren zainetan anai-arrebak...
— Zer den hori, neska..?
— Dar-darian niok, motel...
Bat-batean, kro-kroa haunditu, haunditu, haunditu egin zen... Anai-arrebak ezin izan ziren gelditu leihotik kanpora begiratu gabe... eta han ikusi zutenak tenteka jarri zizkien ileak...
Lintzura hartatik, ur geldi haietatik, igel-talde ikaragarri bat hasi zen azaltzen... Baziren han moeta guztietakoak eta ixildu ere gabe han hasi ziren agertzen, ur-azpitik, hosto-gainez, begiak ate-zorian, denak etxerantz, berengana...
Harriturik gelditu ziren anai-arreba barasira begira, ibai-txoko hartara begira, igel haiei begira... Horiek, izugarrizko sailka, laster hertsitu zieten etxea... Gogoratu zitzaien atea zabalduta, igelak hankazpian leherturik, irten egitea... Baina azkeneko begiradaz ikusi zutena bertan gogortuak uzteko adina zen: Beste askoren ondotik, gizon-neurriko igel haundi bat heldu zen, eta honen ondoren oraindik beste haundiagoak ere bai... Lovecraften amesgaitzen bat izango ote zen iruditu zitzaion hainbeste igel eta hain haundiak... Deiadar garratz bat entzun zuen gizonak bere atzean eta hara begiratu zuenean han ikusi zuen bere arreba borrokan igel haundi haietako batekin... Ez zuen ezertarako gehiago denborarik izan: beste igel haundi bat zetorren eskuan igitai oker bat zekarrela... Erredura bizi bat sumatu zuen bere zilborrean igitaitik zintzilika gelditu baino lehen...


Sare zuloan barrena


Nahi duenak nahi duena esan dezala baina nik behintzat badakit zertarako egin izan zituzten «autopista» deritzan bide zalapartatsu horiek... Bai, gizona berari dagokion askatasuna ziur kentzeko... Begira, bestela, zer gertatu zitzaion Hans Krüll izeneko gizon bati...
Badakizue bide hoietako pranko badirela Alemani aldean. Eta bide horiek egiten aritu ziren hainbeste gizonetakoren bat zen Hans Krüll. Denbora gogor eta kaxkar pranko bizitzeko jaiotako umea zela ezin ukatu. Gizon bigotedun haundinahi batek Alemani lurra beste inungo lurra baino gorago igo nahi izan zuen eta bazirudien arrastoa galdutako «diskoen» bat zeukala buruan eta «über alles, über alles, über alles» besterik ez zuela entzuten. Egia batek gehiago balio du, eta gauzak argi agertu nahi baditugu, hau jende gehienaren mina dela aitortu beharrean gaude, baina, hala ere, gizon bigotedun hark ekarri zituen ez-beharrak beste inoren bizkarretara bota daitezkeen baino haundiagoak izan ziren... Eta bere denborako beste alemaniar asko bezela, Hans Krüll izeneko gizon hura ere, nahasketa hartan sartu zuten, eta ahal zuen guztia eginda ere, ezin egin izan zuen askorik...
Hans Krüllek ez zuen izan-uste, inoiz ere, «autobahn-ak» egiten ari zirenean, hortarako egiten ari zirela. Zertarako ziren igerri zionerako, edo eta lur azaletik askatasuna kentzeko zirela igerri zionerako, egun asko, hilabete asko, urte asko paseak zituen, eguna joan eta eguna etorri, izerdi eta patsa, bide zabal eta patxarotsu haiek egiten... Noizik-behinka, lehen bide zaharrak izandako haien arrastoari begiratzen ziotenean, aguro aski konturatzen ziren oraingo horien bentajetaz. Lehenago, eskelari neketsu batzuen antzera, bideak beren musu edo besarkada herritik-herrira ematera hurbiltzen ziren. Hemen hats egin, aurrexeago ardo ttantta bat edan, beste hatsaldi batean urre-koloreko garagardo apartsua, bide edo kamio horren azalean zihoazen gizon-emakumeak bidearekin bat eginda joaten ziren. Eta bazekiten haien gainetik zihoazenek ondo-aski, nundik-nora zihoazen... Baina, oraingo «autobahn» horiek ez ziren haiek bezelakoak, eta antza gehiago zuten lasterkari gazte eta azkar batekin. Hasterako, hoietan sartzea Kretako Minotauroren leza-zulo zurrunbiloan sartzea bezela zen... Urruti batean ikusten ziren, huri, herri, mendi, ibai eta abar, eta aldizka sekulan inoiz ikusi gabekoak zirela iruditzen zitzaien. Nola bizi ote hain bazter eta hain urruti, hain ezagun eta hain ez-ezagun hainbeste alderdi, baso, zelai, etxe eta jenderekin...?
Honelaxe ekin zion Hans Krüllek bere pentsakizunari. Lasterketarako azkarrak zirenez, bide zabal haiek aguro aski eramaten zuten edozein toki batetik bestera nahiz eta itsu-antzean eraman. Honela, denbora bere ardatz-ardatzetik laburtuaz, txolarte haundiagoaren jabe egitera lortzen zuten. Baina itsumenezko mundutara eroria ez ote zegoen gero, kezka pranko sortu zitzaizkion buruan Hans Krülli. Itsumunduek egin-behar gogor eta zailak agertzen dizkigute... Itsumundua «imperialista» xamarra zelakoan zegoen aspalditik, eta «autobahn»-etik sortzen ari zen beste «imperialismo» honetaz kezkatzen zen gogor.
— Nora ote goaz, mutilak...? —galdetu zien bere aldameneko batzuei.
— Nora...? Ez al duk ikusten nora edo zer...? —erantzun zioten.
— Ez nikek hori esan nahi, baina ez al zaizue zuei ere gauza bera pasa...? Lehengo bide hortatik joaten nintzenean, banekien, esate baterako, zer aurkituko nuen metrotik-metrora. Herrittiki guztiak, baso-bideak, mendiak, ibai-ertzak, den-denak ezagutzen nizkin hobeki baino hobekiago. Orain berriz, horrelakorik ezer ez... Lehengo bide zaharrean bidari nindoalarik, Markus eta Bertaren etxe bazterrean txolarte pat: bat egiteko ohitura hartu nian. Hamaika aldiz geldi izandako tokia huraxe...! Garagardoaren apar zuriarekin mokoa bustiez, han zerbitzen dauden neskatx gazteei hamaika zirri egindako umea nauk. Eta, orain berriz, ez garagardo eta ezer ez. Ez baso, ez mendi, ez ibai, ez huri, ez herri, ez gizon ... «Autobahn» hau bukatzen dugunerako beste «Autobahn» bat egiten hasiko gaituk. Ikusten dituzue nolatan etortzen diren egunak: bat bestearen ondotik, noski. Ba, modu hortan bertan etorriko dituk bideak: batzuk besteen ondotik. Eta, zer gertatuko ote da «bideen denbora» bukatzen denean...?
— Zer esaten duk, motel...? Zer duk «bideen denbora» ... ?
— Bat duk, «bideen denbora»; bestea, berriz, gure eginkizun nagusia, «bideak-egiteko denbora». Ez al duk orain arte sekulan entzun horrelakorik edo zer...?
— Ez, nik behintzat sekulan ez...
— Adizak ba: «bazter guztiak bidez betetzen direnean azken juizioko eguna etziok urruti...»
— Hi, beti, horrelako jolasekin...
— Ez diat uste hau nirea denik eta ezta jolasa denik ere...
— Norena eta zer ba...?
— Guretarrak ziur sinisten ditek hori. «Etxe bakoitza taberna bihurtzen denean, eta leku guztiak bidez betetzen dituztenean, erne mutilak, azken juiziorako etziok urruti-ta».
— Nundik atera duk esaera hori...?
— Nik eta guretarrak ondo aski zekiagu nundik.. .
— Ba...! eta zuetarrak beti...! Ez al zenuten entzun gure Gidariaren azkeneko hitzaldia...?
— Zeinena...? Bigotedun gixatxar horrena...?
— Kontu emaiok zer ari haizen hitz egiten hire bizia estimatzen baduk...
— Entzun nioken ba, bai... Zer esan nahi huken horrekin...?
— «Autobahn» edo bide hoietaz hitz egin zian... Ez al haiz gogoratzen...?
— Ba, halaxe hitz egin zian, egia duk... Joan behar dugun tokietara lehenago joateko izango ditugula bide horiek esan zian. Baina gauza bat ahaztu zioken hala ere. Etziguken esan nora goazen edo ta bide horiek gu nora eraman nahi gaituzten.. .
— Gidariak berak bai baitaki nora joan nahi duen, guk zertarako jakin behar diagu...? —hots egin zion haserre hizkidearen lagun batek.. .
Oraindik agertu gabea zen, itxuraz, odola, eta hala berean odol-ixurtzaileak...
Ez odol eta ez odol-xurgatzaileak ere...
Urteak pasata, gudaren itzal beltzak ederki odoldu zituen bazterrak...
Urteak pasata, odol-xurgatzaile azkar, trebe eta ausart bat agertu zen «autopista» deritzan leku berexi horretan. Amarekin bat neskatx gazte, zoriontsuak...! utzi zuten beren bizia kamio haren musu beroa hartzen zuten bitartean...
Urteak pasata, gertaera berriak... Zenbatek ez ote zuen nahiagoko bide berriak, «autopista» berriak erekitzen jarraitzea...? Eta denbora askoan behintzat honela joan tiren gauzak...
Egun batean, Alemani aldean Hans Krüllek bezela, honen antzeko pentsakizunak izan zituen Italia aldean Giusseppe Galofarok. Erromatik Napolesa doan «autoestrada»-ri begira, kamio bazterrean jarrita, bere Etiopiko denborak gogoratzen hasi zen... Burutsik zegoen gizon hura eguzki soil, bero eta latz bat zigortzen ari zen bitartean, ez zuen utzi izan nahi gogoratu gabe bere herri maitearen izana eta hain eta gutxiago oraindik honen etorkizuna... Etiopi aldean gudan ibili ondoren, hankamotz, besamotz eta begi-bakar ikusten zuen bere gorputza. Eta orain hor zegoen burni-sarearen beste aldetik, begira eta begira, orru eta marru, presaka eta presaka zihoazen kotxeei...
Hauxe duk gure etorkizuna: lasterrago joan gaitezen, hankamotz bihurtu gaituztek: «bolanteari» indar gehiagorekin eutsi dezaiogun, besamotzak... urrutira hobekiago ikus dezagun, begi-bakarrak... Bitartean... zer ote dio beste gure Gidari jaunak...?
Beti esan izan dutena izan da askatasuna kentzeko bestetarako ez zutela balio «autopistek». Eta hara nun, gaur, hemen, nire kotxetik gorputza zintzilik daukadala, zilipurdika eroria, ahosapaiean lokatzaren guritasun nazkagarria sumatuz, beste modu batean mintzatu beharrean nago. ..
Atzo goizean etxetik irtenda «autopista»-ren matel-hezur gogorrera joan ninduan. Goiza, eguzki ederra zeruan, haize gozoa sartzen huan leihotik kantu-kantari bihotza alaitsu sumatzen nuen bitartean... eta hor egin nian topo ez beharrarekin.. .
Nik lehendik ikusia neukaken sarea... ba nekekien han zegoela... eta zezenak zapi gorriari ekintzen dioen antzera, nik ere itsu-itsu sare hari, zapi hari, ekintzeko asmoa hartu nian... Etzekiat zer neukan gogoan... Etzekiat zer dardarrak emanda... baina behintzat sareari aurrezaurre jotzeko asmoa hartu nian...
Nik bazekiat alde hontatik beti arrai saretu batzuk besterik ez garela... Orain, hemen etzanda nagoelarik, abesti ederrak entzuten hasia nauk... Gorputza arin xamarra sumatzen diat eta banegok neronek batere konturatu gabe altxako ez ote naizen eta sarean egin duten zulo horretan barrena ez ote naizen joango... Nolanahita ere, norbait honantz heldu dela sumatzen diat... Eta hemen heldu den borren pausoak entzutzen ditudalarik urruti-urrutitik, askatasun haundi batek —ugalde haundi bat izango balitz bezela— hartzen zidak nire anima, hegaka botatzen dik, eta nire bizi guztian gertatu izan zaidan bezela, hor abiatzen nauk, nora ez dakidala, garbi-garbi nora joan nahi ez dudala, sare zuloan barrena...


Deiadar mingarri bat


Azken-azkeneko entzun zena karraxi luze eta beldurgarri bat izan zen. Auli triste bat, beldurleize zulotik irtena izango balitz bezelako deiadar mingarri bat. Eta amets-karraxi lodi bat tela uste izan zuen Martak esnatuta bere ingurura begiraka jarri izan zenean, bere bihotzak tapa-tapa egiten ziolarik larri eta estu, presaka, han ohean etzana zegoen bitartean, bere burua maindire azpian estaliez, beldurrez dal-dai, izerditan blai egina. . .
Huraxe bai gau luzea, hainbeste pauso, soinu, susmur eta imintzioez betea...! Une bestean logale txinpart guztiak aldegin zitzaizkion... Erne, esna, bere gorputzeko dardarrari kontu ezinik han gelditu zen ikaraldiak josita, beldurraren hotsak besterik entzutzen ez zituela. Eta honela zegoen bitartean, borobildua, feto antzeko postura hartuaz, bere etxe hura ingumaz betea zeukala iruditu zitzaion eta han eta hemen, pasilo eta geletan, mamu izugarri batzuk zebiltzala hara eta honera, luze-luzeak, zuri-zuriak, zurbilak, gorputz-ileen itxurakoak, sekulan inork entzun gabeko izen eta hitz zakar guztiak beren ezpanetatik jario eta zintzilik zituztela...
Alde batetik, ez zitzaion iruditzen etxe hartan beste inor egon zitekeenik, baizik eta bera bakarrik zegoela, bera bakar-bakarrik, eta nahizta etxe hura izan alde hartan ohikerak agintzen zuen bezelakoa, halataz ere bere amets irudi hartan, etxe hura harrigarrizko itxurakoa zela iruditzen zitzaion, eta inork inoiz Drakularen jauregi beldurgarriaren horma teilatuak gogoratzen baditu itzal-lanbro nahastuan erdi galdua laster konturatuko litzateke zein modutan ikusten zuen Martak bere etxea, hara, mendi-tontor baten gainera aldatua, saguzar marruti batzuen hegakaldien azpian, etsai kaltegarri batzuen bizileku eta kabi bat izango balitz bezela, eta tristura haundi batek zaztakatzen zion barrena han bere burua modu hartan ikusirik, kobildua, izerdi hotzez bustia, hortzak kirrizkadan eta geldi ezin konturik...
Han horrela zegoelarik, harrigarrizko gertakizun baten ikusle izatera iritsi zen: etxe guztia bera zegoen gela ttiki hontara bildu zitzaion. Hemen, gela ttiki honetan zeukan bere mundu guztia: etzan-lekua erdiz-erdi; eskubi aldera, arasa edo armarioa bere soinez zintzilikaz beteta; gau-mahaia ohearen ezker aldean eta bere gainean argi tresna berexia itzal-mozorroez gela-inguru guztia betetzen zuena... Kanpo aldera berriz, leiho txiki bat eta honi bultzaka egongo balitz bezela bere barrenera sartu nahian edo, kanpoko eremu luze haietan sumatzen zen hotz kozkalari hura bere girli likits harekin izerdituaz leiarren ispilu garbia.
Ohean sartua zegoelarik, iruditu zitzaion etxearen etsai kaltegarri hark besarkada bero batean hartzen zuela azken arnasa aterazi arte. Eta iges egin nahian bezela sumatzen zuen bere burua, beste nonbaitean han baino leku patxarotsuren bat izango zuelako ametsean. Baina, hartarako, lehendabizi, gelatik kanpora atera beharra zeukan eta geroago berriz, arteka edo pasilo luze hura igaro beharra, eta bi gauza horiek egin ondoren bazeukan itxaropen puxka bat nonbait aurkituko zituelakoan bila zebilen haiee-zabaleko leku patxarotsu haiek...
Baina arteka edo pasilo beldurgarri hura pasabeharrak ematen zion beldurra eta pentsatu hutsarekin dal-daiez jartzen zen, iruditzen baitzitzaion ilunpetatik norbait aterako zitzaiola handik zihoan bitartean eta lasterka beregana joango zitzaiola esku itxi gorrian labain zorrotz odoltsu bat eramanez...
— Hamaika aldiz hobeto nago hemen —esaten zion bere buruari—, tapakien azpian gorputza ezik burua ere bero-bero sartuta, inor ikusi nahi gabe, ezer entzun nahi gabe...
Baina hala ere ezin kendu izaten zuen burutik hezurretaraino sartua zeukan ganaren hots beldurgarri hura...
Nahiz eta ohearen goxotasunetik ateratzeko gogo haundirik eduki ez, hala ere horixe egitera abiatu zen. Gorputz-hil bat bere baitan pixtu eta xutik jartzea bezela izan zen: bere gorputz borobildu hura, poliki-poliki, kurrinkaka, burnizahar herdoitutako tresna zatar bat izango balitz bezela tente jartzera iritsi zen eta behin zutik jarri ondoren, arteka luze hartatik heldu zitzaion karraxi edo dei samindu hura zer zen jakitera abiatu zen...
Ez zen zaila jakitea nundik heldu zen auli triste hura, eta atea ireki orduan sumatu zuen haren zurrunga estua. Abere haundien batek atera lezakeen modukoa zen eta pausorik galdu gabe han joan zen arros-koloreko gelarantz, lehen denbora batean hainbeste musu eta amoriozko amets eta leguntasun beroetaz laztandua, jakinik, nola ez?, han zegoela bere senarra. Noizbaiteko harenganako maitasun hura jeiki zitzaion, urrutiko eremuetatik iristen zitzaion maitasun hura, denborak joan eta denborak etorri gorroto bizira aldatu zitzaion maitasun hura... Orain, hemen, pausoz-pauso zihoan bitartean arteka luze hartan aurrera, denbora bateko oihartzun alai batzuk kuku egiten zioten aldamen guztietatik, maitasun legun hartan bustitako dei eta oihartzunak, baina hala izanik ere, arteka aurrera joatez sumatu zuen inungo susmur eta zurrungei kasorik ere egin gabe. Luzea zen benetan arteka beldurgarri hura eta betikotik eduki izan bazuen berak nundik heldu zitzaion ez zekien beldur harrigarri bat, orain okerrago oraindik. Agian, orain bururatzen zitzaiona lehendabiziko aldiz basa-etxe hartara joan eta han ikusi zuena gogoratzen zitzaion, hau da, arratoi zahar haundi bat, alajaina, basa-pizti izu baten antzera bere gainera oldartu zorian. Eta hori gertatu ezkeroztik beti eduki zion beldur aparta arteka hari eta hotzikarazko dal-daia hasten zitzaion hartaz oroitzen zen guztian...
Erramun...! —deiadar bizian oihu egin zuen— Erramun... Erramun...! —Eta, pixkana-pixkana, oihua negarrera bihurtu zitzaion eta han etorri zen berriro, itzul-bidari, arteka luze hartan barrena, bere gelarantz, ohe-jantzi zuria odol-zirpiztinez josita, balantzaka atso mozkortuaren antzera eta guraize mutur odoldu bat azaltzen zitzaiola bere ukabil itxitik kanpora...
Hau bitartean, han zegon Erramun hil-zorian, bere ohearen gainean etzanda, geldi-geldirik, odol izpila gehiago eta gehiago zabaltzen ari zitzaiola kolkoan behera...


Mandire zuri bat


Lurpe-bidetik aterata, trenbide sugea urrutiraino luzatzen zen... Eta han zihoan trena txistoka, haizeak zulatuaz... Harkaitz horma zakar hartatik zintzilika, han zegoen, baita era, txartel hura:
«EZ JO TXISTURIK»
Ez zekien zer zen edo zer izan zitekeen ixiltasunaren agindu kamuts hura... Iruditzen zitzaion, bai iruditu, larru puska antzeko zerbait zela aidean... dena dendazko ohialekin estalia... dena ixildu nahian... dena pardel baten antzera bildu eta lotua...
Baina, nahiz eta ohar-txartela zintzilik han egon arren, trenak txistua jo zuen... eta hori entzun ondoren bere gogorapenek lehen baino min gehiago eman zioten...
— Batzuen izate hutsa hots gordin bat besterik ez da eta hori auzo guztiei eragozpena eta traba ematen dien hotsa —bururatu zitzaion—. Hortaz, inolako moduko hotsik egin gabe jarraitzea da onena, hau da, bakar-bakarrik bakoitza bere bidean ibiltzea...
Bideen amets guztiak hautsiaz han zihoan trena, oihuka, karraxika, txistoka...
— Nora ote narama...? —galdegin zion bere buruari, eta trenaren dardara bizia sumatzen zuen bitartean han joan zen gogoratzen noizbait entzundako hitzaren durundotsak, eta une batez, tren hura aztamakil luze bat besterik ez tela gogoratu zitzaion eta han zihoala, hegaldi garbian, zeru-mugak zauritu nahian...
— Ez hadi erori hitzaren menpean, hitzak beren putzu beltza hor zeukatek eta... Hor, baita ere, bere iruzurra... Trena ez duk aztamakila... Hi, ez haiz trena... Irten hadi hitzaren itzaletik.. .
Baina ezin zen irten... Han zeuden hitzak eta, tapa-tapa, hantxe sumatzen zituen bere buru barrenera sartu nahian; hantxe dantzan, txorabilka... eta lehendabiziko ameskeriarekin bat, han, baita ere, larru puska haiek... han, baita ere, horiek gordetzen zituzten eta berak zer ziren ez zekien gauza haiek... dena ixildua... dena goroldio artean bildua egongo balitz bezela... dena amaren sabeleko lintzuretan guritua izango balitz bezela... han zihoan nora ez zekiela... nora ote narama galdetuaz... nora ote narama...
Aurrez-aurre, olerki baten indarra, olerki baten kemena, olerki baten ozendura agertzen zitzaion:

EZ DU ZURE AZTAMAKILAK
ZERU-MUGA ZAURITUKO.
MENDIAREN BABESAK
GORDETZEN DU...

Noizbait, aztamakil tren hau lurraren larruan sartuko da hondoraino... Eta orduan sumatuko dut, seguru, nire azken dardara... baina, bitartean, hor daude bide luzeak..., hor, denborak..., hor, haizeak... hor, txistuak...
Hauetxek ziren, bestez-beste, hitzek zekarzkiten oihartzunak... Haietxek ziren, bestez-beste, olerki xamur baten eremu gogoangarriak... Hantxe zegoen, durduri-dardari, ikarez beltzgorritua... Hantxe, dardari-durduri, hotz-beroan, izerditan... hantxe, nora zihoan ez zekien bidaria... erbesterantz... han, tren hartan sartuta dardari-durduri... sabel azpian... bere istapean sumatzen zuela eztenka zorrotz hura... zauri odoltsu gorri hura... dardari-durduri aurrera... beti aurrera... tren batek narama... tren batek narama... tren batek narama... ez dakigu nora baina aurrera... tren batek narama... ez dakigu nora baina aurrera... beti aurrera... zeru-mugak haustera... durduri-dardari trenaren barrenean... gure trenaren barrenean... azkazal, ile, larru, haragi hezur barrenean... lurpe bidetik irten eta zeru-mugara iritsi nahian... zeru-mugak hautsi nahian... denok tren batzuetan sartuta garamatzate... hara... urrutira... nora... zurira... Zuri-zuria zen zeru-muga... Den-dena zuria, argi-argia... Zuriak belar soroak... zuhaitzak... etxeak... bideak... ibaiak... hodeiak... dendenak zurituak gelditzen ziren trenaren abiadura bizkorrez margotuta...
Eta, azkenez, dzanga...! trena putzura erori zenean, maindire antzeko itzal zuri batek estali zizkion gorputz eta anima...


Arratseko ordu luzea


Denbora askoan egondua naiz hau nola esan ez dakidala, ez baita gauza xamurra beldurgaiez hitz egitea... Orain-oraingoz, ni bizi naizen orduen kurpil-geldian, beldur-lodi, beldur-gizen bat hazitzen eta hazitzen sumatzen dut nire barrenean. Erotasunak joko nauen ere beldur naiz. Goiz-goizetik kontaketari ekin diot eta hamabi mila hirurehun eta berrogeitamalau artera iritsi naiz. Bai, juxtu-juxtu, hamabi mila hirurehun eta berrogeitamalau arte, eta gero, sapaiera joan naiz. Han goi aldean, zintzilik, eguzki mintxo, ergel bat zegoen, eta behe aldean berriz, jende puska bat. Eta jendearen gainean, garbi-garbi, han ikusi dut nire zenbaki hau: 12.354. Ez dakit zer esan nahi duen zenbaki onek... baina han zegoen, jendeen buruaren gainean eta batzuen batzuek goi aldera begirada bat eginda parramurriz gelditzen ziren... Ergel parra zela iruditzen zait hura eta han, gelditu zaie beren arpegian lelo maxkararen antzean...

Bigarrengo eguna

Nire orduetan zailen-zailena gau arratseko ordu luze hori da. Arrats guztia ordu bat-batera bihurtzen zait eta beldur ikaragarri bat sumazen dut. Zer dela ta...? Ez dakit zergatik. Sekulan ez dira jakingo zergatik izaten diran gauza hauek. Nire ustez, arratsari berari, besterik gabe, diogula beldur. Nik uste dut, den-denak arratsari diogula beldurra eta inork ez dakigula, egi-egitan, bakoitzak bere arratsari diogula beldur, gure bakoitzaren barrengo arratsari... Baina egia da, baita ere, beste ezerreri ez diotela inoiz ere beldurrik izango... Bakar-bakarrik, arratseko ordu luze honi... Eta hemen, ordu luze onen barrenean, beldurraren labain zorrotza sabelean sartua banu bezela, gelditua naiz. Eta nerone korapiltzen naiz, umeki baten antzera, nire beroaren bila, maindire azpian amaren sabeleko gozoa eta beroa aurkitu nahian eta itsas-belar laztan maitagarriek bilduko banindukete bezela. Gizon guztiak fardel ttiki batzuk besterik ez gara, zertaz beteak izan garen jakin gabeko fardelak, eta amaren sabela da fardel horien bidari-etxea, eta hantxe bertan seilatzen gaituzte... Nik ez nuke izan nahi fardel bat besterik inoiz, inork inori bidaldu gabeko fardela, amaren sabeleko bidari-etxe horretako ixkin batean sekulan-sekulako ahaztutato fardela...

Hirugarrengo eguna

Arratseko ordu luze horrek izugarrizko oinaze zigorra ematen du. Orain esango dut nola gertatzen den dena. Lehendabizi, hots haundi bat entzutzen da, halako harri haundi bat bi puska egingo balitz bezela. Hots legorra, garratza, gozakaitza izaten da, eta bat-batean, munduan ere, —nire begien aurreko munduan ere— bi zatitan puskatua gelditzen da. Alde batetik, ni bakarra gelditzen naiz eta beste aldetik berriz, beste denak...
Segidan, borroka bizia gertatzen da. Irudipenez, ez du ematen borroka horiek horrela gertatzeko biderik dagoen, baina honela gertatzen dela ezin ukatu... Larritasunez beterik, izerdi-pats egina gelditzen naiz... Oroimenaren bizkar gainera etortzen dira gogorapenak hegaka... Den-dena gogoratzen zait eta modu berean, den-dena ahaztutzen zait... Dena urratua eta ezeztua gelditzen da... Han gelditzen naiz nire ohean nire baitan bildua, kizkurtua, korapildua eta nundik datozen jakin gabe, kanpai hots izugarri batzuk nire ordu horien etsipena agertuaz entzuten ditudanak... Ez dut sekulan jakin, ez zer ordu edo eta zer garai ordu jotzera datorren ordulari kanpai hori. Nire gela, bueltaka eta bueltaka eta jiraka eta biraka, hasten da. Eta lehen bezela, gela guztia, gelako gauza guztiak, alde batera joaten dina, nire beste aldera noski, eta ni, nire ohean, bakar-bakarrik gelditzen naiz. Aidean eramango nautelakoaren beldurrez, haizeen itzalki oihaleei eusten diet. Izugarrizko zuloosina eroritzen da gure artean. Nire barrenean, hotz-hori bat, itxaropen ezetsi bat, sumatzen dut, eta bakardade minbereak jotzen nau. Gehiago eta gehiago kizkurtuaz, nire burua, zakur isatsa bezela, hanka-tartean sartzen dut. Orain, umekiantza berdin-berdina da, eta guri-guri, busti-bustitako itsas-belarrek bildutzen dute nire gorputza eta gozapen epel baten azpian sartua naizela sumatzen dut. Amaren sabeleko lintzura, muki eta goroldio guriz bildua nagoela konturatzen naiz. Beste urrutiko kanpai batek ordu trankil, patxarosu bat ekartzen du. Zeru hautsietako hormetatik egusentia eroritzen da argi sutan... Goiza hotza, benetan hotza izaten da... Nire goizak, den-denak, hotzak izaten dira, eta beti eta beti, halako antzara marrua bezelako zerbait entzuten da...

Laugarrengo eguna

Ez nituzke esan nahi nire anima larrutzen duten gauza horiek. Ez nuke nahi ez esan eta ez ezer sentitu ere. Harri gogorrari bekaizten diot goroldio gozuak ematen dion goxotasuna...
Lege-gizon hura, ttiki-ttiki, bizkorra, eta bizi-bizi hoietakoa da. Hitz egiten hasten denean agertzen da garbi debetuduna edo hitz-totela dela. Baina, nahiz eta harrigarria dela iruditu, ez da inolazko akatsa berezitasun hau bere ahoan nonbaiteko kementasun aparta ematen baitio. Adimen haundiko gizona denez, lasaitasuna hartzen nahiko erraza da berarekin, zergatik eta sekulan ez baitu ematen esan behar ez denik... Gaur, horrelaxe esan dit:
— Ez beldurrik eduki, dena ondo dago ta...
— Ez, ez dut beldurrik edukiko —egin dut karraxi nire barren-barrenean, oihu zatar odoldu bat zauri ebakitik kenduko banu bezela— ez dut sekula-sekulan beldurrik izango...
Eta arratsetako ordu luze horren beldurgarrizko ixiltasuna oroitzen gelditu naiz...

Bostgarrengo eguna.

Gaur goizean, jan-gelara eraman naute gosaltzera, baina ez dut ezer hartu nahi izan baraua hausteko. Lotsaizuna ematen dit inorren aurrean jaten hasteak eta hori, den-dena, matel-hezurrarengatik. Nire otorduak beti bakardade osoan egiten ditut, oso nireak baitira horiek eta ez baitzait atsegina inor jolastea nire ikuskizun zatar honekin...
Sendagileak bi dira eta bi-biak hor ibiliak dira nire gorputzarekin zer egin ez dakitela. Lehendabizi, mailu ttiki batekin, kaxka, kaxka, belaun kozkorrak jotzen arituak dira, geroago buruhezurra neurtzen eta geroxeago berriz, belarriak, begiak... Argi haundia botzen duen bonbila batekin etorri dira eta badirudi burutz barrena argitasun-haunditasun horretan sartu nautela. Bilutsik daukatela sumatu dut nire buru-muin odoldua. Lehendabiziko aldiz bada ere, geldigeldi, animaliaren partez harrikozkor bat izango banintz bezela egona naiz bi sendagile horien aurrean. Zoro baten aurrean zeudela usteko zuten. Eta zeinek esan, zeinek, ez naizela ni zoro haundienetako bat? baina, zeinek daki zein den zoroa eta zein ez...? Eta zergatik beti suertatzen dira besteak irabazle...? Zergatik beti besteak onak...? baina neri ez zait gustatzen irabazle gelditzea... Neri, beti, galtzea gustatu izan zait. Galtzaile eta bakardade osoan ibiltzea gustatu izan zait orain nagoen antzera, hemen, ez zeru eta ez lur, betikotasun zabala neure aurrean daukadala, hemen, mailu ttiki horrek kaxka, kaxka belaun kozkorra jotzen duen bitartean eta nire gogoramen bilutsak nire burutik zintzilika dituela...

Eguna

Ezin dut iragan denbora gehiago... Lokarri korapiloak hautsita hor doaz itsas-ontzia ur-gainera bere herrenka zorrotza utziez urgainean... Zer odol-herrenka ez ote dut utzia izango nik nire bizi-zelaietan... ?
Ezin dut gehiago.. . Ezin dut iragan.. . Hitzailea... Gauza bat banoa ulertuez igerri dut garbigarbi: Inor-inungo pertsonaren hiltzailea izatea bakoitza bere buruaren hiltzailea izatea dela...


Mamu haundi bat


— Etzakela ukitu...
Aspaldian inork ukitu gabeko mamu haundia zen hura. Mamu berdexka, guri-guria, haizatutakoa izango balitz bezelakoa... Behin batean, bere etzan-lekutik aterata, sekulako hondamendia egina zen... Esaten zutenez, gizontxo batek, nanu batek, katetik tiraka ibilia izan behar zuen zirko batetik bestera. (Denbora asko zen Mattini dena zirkoa iruditzen zitzaiola. Gizon jakintsu batek zionez, ez zuen izan behar oso burutik ondo ez zebilenaren irudimena dena zirko antzera bihurtua ikustea... Baizik eta, zinez sinismen bideak hertsituak zeuzkala... Bai, egia zen: Aspalditik sumatua zeukan eroria sinismenen mundua eta nahigabe luze batera amildua ikusten zuen bere bizia...)
Mamu hura zer zen esateak lanak emango zituen. Irakurri al duzue noizbait nolatan agertzen duen bere mamuetakoren bat H. P. Lovecraftek...? Hemen doakizue, ahal dudan modu onenean itzulita haren deskripzioa: «Gerritik gorakoa gizon itxurezkoa zen, baldin eta bularrak —zakur-atzapar antzeko eskuak atseden eta zelatari zeuzkalarik bere gainean— musker zahar baten antzeko larru latz eta zarpailez estalduak edukirik. Bizkarrean, zaplada horixka eta beltzadunak suge larruaren antza ematen zioten. Baina, gerritik behera askoz ere okerragoa agertzen zen gizon itxura guztia urratzen baitzitzaion amets bideak harturik... Larrua ile zahar trinko eta beltzez betea zeukan eta guri-guri eta trabagarri zintzilik, sabeletik hogei bat erro luze jaiotzen zitzaizkion urdin nabar berdexka kolorekoak urrupaigailu gorriskak muturrean zituztela modu nabarmenean bakanduak eta inoiz eta inun ezezagututako geometri modu baten itxurapean egindakoak. Bere bi aldaka edo ipur-masailetan, oso hondoraino sartuak eta arroxa-kolorezko betile zulo batean, begi antzeko zerbaitsu zeuzkan, eta isatsa eduki behar zuen tokian berriz —ahoa edo eztarria noizbait izan balu bezelakoa— adar antzeko gauza luze eta gorrixka bat. Beso-hankak ile beltzez estalduak izan ez bazituen lehen kondairetako erube haundi haietakoen baten atze-hankak zirela emango zuten, eta horien bukaeran ez zegoen ez atzapar eta ez azkazalik, halako zain soil desberdin eta aterakor batzuk besterik... Arnas egitean, mamu honek isatsa eta garro luze haiek aldizkaka kolorez mudatzen zituen eta lehendabizikoko berdexka itxura hura geroago horixtu egiten zen isats aldean. Ez zen inun ere odol garbirik ikusten: bakar-bakarrik lintzura berdexka hura lurrean lirdinga zikina utziez...!»
Honelakoa zen ukitu ezin zen mamu hura, baina, gehienean behintzat, lotan egoten zen. Inork ez bazion agintzen ez zen mugitzen bereartan zegoen tokitik. Etzanda, bapo janda, antzinako ipuietako haren-suge haundi haietako bat ematen zuen.
— Utzi trankil jaunak... Mintza behar baduzu, ixilka mintzatu... Ez esnarazi mamua, jainkotik...
Beldurgarria benetan egun hura, mamua esnatuta ahoa eta sudur-zulotik sugarrak boteaz mugituko nena... Hau gerta zedin ibiltzen ziren denak ixil antzean, hanka-punttetan, hitz bat bestea baino gehiago altxatu gabe, denak ixilik, denak beldur, denak lotsatan...
Bihotza goibeltzen zitzaien bada aita, anai eta senargaiei bere alaba, arreba edo andregaiek mamuaren apar lintzura besdexka hartan itoko zitzaizkiela jakinik eta hau gerta ez zedin hor ibiltzen ziren beldurrez josiak, batzuk besteei behatza ezpain aurrean jarrita, liiixooooo, liiixooooo, liiixooooo, eta ixiltasunerako txutxu-mutxu hau gogorbizten zitzaien gogoratu hutsarekin noizbait mamu haundi hura esnatzera etorriko zitzaielakoan.. .
Horrengatik ba, Mattini denak esaten ziotena: Etzakela ukitu. . .
— Baina, zergatik ez...?
— Ez al duk ikusten esnatuko dukela...?
— Eta, zer...
— Baina, motel, motel...
Jakina: Ikusia zeukan Mattinek nola dena zirko bat besterik ez zen. Horrengatik, noski, ez zion izugarrizko ajolarik ematen zirko haren zabalerara jetxi eta mamua esnatzeak... Erromatarren denbora haietatik hona, josta-leku bat besterik ez zen izan zirkoa nahiz eta batek baino gehiagok bere bizia han galdu izan, baina Mattinek esaten zuena: dena zirkoa baita, heriotza ere zirkoko jostaketa bat besterik ba ote da ba...?
Eta hau gogoan zeukalarik hor jetxi zen zirko haren zabalerara. Lehendabiziko sumatu zuena halako hotz berexi bat izan zen. Iruditzen zitzaion jendez gainezka zegoela zirkoa pistatik harantza, eta hemen berriz, zirkoko bihotz-erdi biguin honetan, bera eta mamua bi-biok, beste inor gabe... Eta ixiltasun haundi bat denean nola zeruko makinen ardatzen bat gelditu dela ematen duen, honelaxe sumatu zuen Mattinek ere giro-hotz haren egoera geldia...
Halataz ere, Mattinen eskuek ez zeukaten dardairik mamuaren bazterrera inguratu zenean... Zergatik beldurra...? Zergatik dal-daia...? Bere orain arteko bizi laburrean horrelako mamu prankoren ingurura joan beharrean arkitutako umea zen eta bazeukan susmoa hau ere haietakoen antzekoa izango ote zen...
Honela ba, beregana joanez, eskua luzatuz, mamu ikaragarri hura ukitzera ausartu zen... Bere bazterretik pistatik harantz, deiadarrak, negarrak eta antsiak besterik ez zitzaizkion etortzen eta bere inguru guztia honelako zurrumurru beldurgarriz betea sumatzen zuen... Hala ere, inori kasorik egin gabe, han joan zen, han luzatu zuen besoa eta ukitu zuen mamua...
Harrigarria! Bere begiek ikusten zutenak baina hobeto jendearen arnas lasaiak agertu zion han gertatu zena: Mamua, lehen oso-osorik zegoena, puskaka hautsia erori zitzaion bere oinen aurrean... Eta jendea hain txunditua gelditzen zen bitartean, zirkoko pista beldurgarri hartatik kanpora irten zen bakar-bakarrik, kokotzak bularra jotzen ziola...


Otsoa atarian


— Ni ez naiz irtengo behintzat
— Ezta ni ere...
— Ni ere ez...
Otsoa atarian zegoena ezin uka. Geldi-geldirik, hortz-letaginak zorrotz, ile-kalparra tenteka, beldurgarria iruditzen zitzaigun denoi. Baina beste gauza bat zen beldurgarriena: hara sartu ginenean eguzki eder, bero, sasoikoa utzi genuela eta orain, handik irtetzeko orduan, elurrak mara-mara zurituak zeuzkala bazter guztiak...
— Baina, nola gertatu ote da hau...?
— ...eta inork ere igerri gabe...
— Sinistu ezin modukoa...!
Baina elurra han zegoen, lurrak zurituaz, zuhaitzetik zintzilika, mendi-hegal eta tontorrak zarpiatuz... dena ixil-ixilik zegoelarik, hala ere urruti batetik etorria izango balitz bezela, auli luze, garratz, mindutako baten hotsa entzutzen genuela iruditzen zitzaigun...
Manaxi izan zen zeozertara mugitu zena lehendabizi.
— Dena dela, hemen ezin gaitun egon. Sorgin baten lana dela esango niken nik. Ez al zaudete hortan, neskak...?
Arrazoi puskaren bat ez ote daukanan nionan neronek ere... —mintza zen Prantxixka...
— Sorgin hori gure artekoen bat den nahita nahiez...
Eztabaida hau sortu zuenean Maintonik, elkarri susmar txarrean begiraka gelditu ginen. Nor ote zen ba sorgin hura...?
Lehen pilaka geundenak bakandu egin ginen. Gela ttiki hura, lehentxeago beroa, orain oso hotza iruditzen zitzaigun. Eta bakandu ginenean, hotzagoa oraindik. Hortzak kizki-kazka ezin geldiarazirik geunden. Ilargia, mendi-hegala arrastaka igo eta gero, tontor-tontorrean geldigeldirik galgatua zegoen...
— Jarrai dezagun hemen mugitu ere gabe... Berandutu dela igertzen dutenean gure etxeetan norbait bialduko ahal ziguten... —esan zuen norbaitek.
Aulia, orain, mendi honantz entzun genuela iruditu zitzaigun. Lehen bezain garratza, lehen bezain mindua, lehen bezain goibela baina lehen baina haundiagoa, lehen baino ozenagoa...
— Hemen ditun... —esan genuen den-denok noski, eta lehengo susmar txar guztiak desegindu zirela sumatu genuen. Bakanduak geundenak, txitoak kolkaren azpira biltzen diren antzera, berriz ere bat-besteen besoetara hurbildu ginen.
Kezka, hotza eta dal-daia... Neska sail guztia ikaratuta zegoen. Nor edo nor, negar-zotinka, malkoka ikusten zen...
— Gaua luzea zegon oraindik eta gehiegi eta gehiago lanbrotzen ari den, neskak... —esan zuen norbaitek. Zaila izango den hemen jarraitzea... Hotzez eta beldurrez hilko gaitun...
— Eta zer egin ba bestela...? —erantzun genion gehienok.. .
— Irten beharra zegon. Irten ordu, beste modu batean agertuko ditun gauzak...
— Bai eta, otsoa...?
— Gu denok ikusten gaituenean berak ere ikaratuta iges egingo din...
— Eta horrela ez bada gertatzen...?
— Zerbait egin beharra zeukaneu ba, derrior... Inungo makil edo bastoirik aurkitzen duenak hartu dezala eta ia zertan gelditzen den dena...
Ezin sinisteko modukoa gertatu zena hura ere. Ezer ez zegoen tokitik agertu ziren hainbeste makil, kirten, botila eta zernahi gauza. Tresna horiek denak sendo eta gogor eskuraturik han joan ginen denok otsoarengana. Atea ireki ordu, hegohaize bero eta gozo batek pailakatu gintuen. Eta otsoaren arrastorik ere inun ez... Ezta elurrarenik ere... Lehen hain gainean ikusten genituen mendiak orain oso urrunduak ikusten ziren eta ez zuten inungo itzal gaiztorik botatzen...
— Sorginkeria...! Sorginkeria...! —Karraxi zion Mainttonik. Eta Manaxik.
— Sorginkeria bai... zer ez den sorginkeria...?
Gau hartan, neska sail hartako gehienak otsoarekin egin genuen amets. Eta bere irudi beldurgarria agertu zitzaigun gure ametsetan: hortz-letaginetik aparra zeriola, ile-kalparra tenteka, lepoa luze-luze, aulika... Eta ez ziren palta izan amesgaitz beldurgarriagoak ere... Neskatakoen batek hortz zorrotz haien kozka ere sumatua izan behar zuen... Eta, baita ere, beste bat arrastaka eramana, zugaizpe barrena, otsoaren etzanlekura...


Beti usainka


Txingurri sailak dena jota xehetua uzten duten bezela, modu berean inguratzen ziren jende haiek... Lehendabizi, gutxi batzuk; gehiago, eta gehiago, ta gehiago handik denbora gutxira... Azkeneko, begiraka zeuden bi gizon haiek ere tankera ezin emanik gelditu ziren: nun demontre sartu behar ote zituzten hainbeste eta hainbeste kotxe...?
— Hau duk hau pila... —esan zion batak besteari.. .
— Nundik heldu ote dira horiek, motel...?
— Ez duk erreza jakiten. Nonbait guk ez dakigun bilera bat eratua izango ditek horiek...
— Guk ez dakiguna...?
— Itxurak hala dik behintzat...
Urritu beharrean, jendearen uhain lodi hura, hazitzen zihoan... Uraldietan ibai zabala loditzen den antzera, gurbidea zientoka eta zientoka eta milaka kotxez betetzen zihoan, eta denbora gutxi ondoren, den-dena betea utzi zuten: bada soro, zabalak, zuhaitz azpiak, hondartzak, begien aurrean ikusi zezakeen guztia kotxez betea agertzen zen...
— Zer gertatu ote da hemen, motel...?
Esan lezake jendearen arteko mundu zibilizatua urruti zegoela leku hartatik: itsas-ertz bat, hondartza luzea, larrea exkerrera, bidexigorrak jiraka eta biraka mendi gora, lur soilen zapladak, basamortuak ziruditen eremu luzeak... Elkarrizketan zeuden bi gizon haiek ere ezin eman zioten tankera nola aldatuak izan ziren berak eta kotxe pila haiek leku hartara...
— Zer dela eta hasi ote dira honantza...?
— Atarramentu onik ez ditek ekarriko horiek...
Baina, dena dela, inortxori kasorik egin gabe, jende sail hark eta kotxe pila haiek aurrera jarraitzen zuten... Aurrera, beti aurrera... Gurbide edo kamioa bukatzen zen lekuan, kotxeak utzi eta oinez saiatzen ziren... Beste aldetik, mota guzietako jendeak ikus zitezkeen: zuriak, beltzak, horiak, gizasemeak, emakumeak, umeak... Ez zen entzutzen hitz bat bakarrik ere, ezta abesti edo mintzio bat bakarrik... Mutuak izango balitz bezela zihoazen aurrera, beti aurrera, ixilpe lodi haren barrenean eta, noizik behinka, bat-batean, oihu-karraxi haundi bat entzutzen zen: Ama!, Amaaaa...!, Aaamaaaaa...!
Bi gizon haiek, zut-zutik jarrita, itsas aldeko lanbroetara bihurtu zituzten beren begiak. Eta han urrutira, jende multzo ikaragarri hura agortzen hasiko balitz bezela, hurbilegi antzeko jende lokatz ugari hura desegiten hasia zen, eta noizbait entzundako mirari sinisgaitza, gizon olatuen gainean, inguma edo fantasma luze bat ikusten zen, eta orduantxe bertan ataka ireki izan balute bezela jendea barra-barra hasi zen itsaso zabalerarantz eta legun-legun, legor-legor, tutik ere busti gabe beren bidean jarraitzen zuten. ..
— Nora ote dijoaz horiek, motel...
— Etzekiat ba... Etziot tankerarik ere ematen...
Halako batean argi txinpart bat azaldu zen eta hazitzen joan zen eta honen argiduran ikusi zena bi zangar haundi izan ziren, bi-biak zabal-zabalduak, zango zabalak, aztal lodiak, belaun legunak.. .
Eta txingurri-jende sail hura han zihoan, gora eta gora...
— Nora jaunak, nora...?
Babesgabeko jende guzti hura han zihoan, gora eta gora...
— Nora jaunak, nora...?
Babesgabeko jende guzti hura han zihoan, gora eta gora... Nora...? Han zihoazen denok, umezurtz garen denok, gora eta gora, AMAri deiadarka, AMA !, AMAAAA !, AAA-MAAA... !
Eta dena, txingur sail hura dena nonbait desegiten hasi zen, denok desegiten, denok zangar gora, denok belaun gora, denok betirako galdutako sabelaren bila... Eta bi gizon haiek ere, hau ikusirik, txingur-jende sail hartara hurbildu ziren beren atzean hainbeste eta hainbeste kotxe utzirik, hainbeste eremu eta basamortu, hainbeste zuhaitz, mendi, ondar, olatu, zango gora, aztal gora, belaun gora, ehize zakur antzera, usainka, beti usainka...

"Santiago Aizarna: Amesgaitzak" orrialde nagusia